Auzapezaren Hitza

Beñat INCHAUSPE
Hazparneko Auzapeza
Kontseilari Orokorra

Ongi etorri elgarrekilan hobeki bizitzeko elgar hobeki ezagutzea xede duen web gune huntarat.

HAZPARNE, Euskal Herriaren barnekaldearen bihotzean kokatua, 6.000 bizizale duen herri gotor bat da, Baionatik eta Euskal Kostatik ¼ batean, eta Donibane Garazitik 20 minutatan dena.

7.800 hektarako hedadurarekin, eremuaren aldetik departamendu mailan haundienetarik da. Hazparnen gauza anitz jokoan dira: besteak beste etxe eraikitzeeri idekia egoitea, aldi berean egungo bizi inguramenaren edertasuna atxikiz.

Izen bereko kantomanenduko herri nagusi, HAZPARNE, orotarat 13.000 bizizale inguruko 10 herriz osatua den HAZPARNEko Lurraldea Herri Elkargoaren hiri haundiena da.

Iragan industrial jori batean bermatuz (zapetaren mono-industria), HAZPARNEk aldakuntza bat bizi du aktibitate ekonomikoaren mailan. Berreskuratze hau lorpen bidean da, Hazparneko lurretan hegazkingintza eta mekanika azpikontratatze enpresen baita ere ofiziale sareen ugaritasunari esker ; bizilagunen kopuru hunek baitezpadakoak dituen zerbitzu guziak (komertzioak, medikuntza zentroak, bankuak, lanbide liberalak...) ez dira ahantzi behar. Gainerat, laborantza mundua garrantzitsua da, 145 etxalderekin, erdiak laborantza aktibitate nagusi duelarik.

Turismoa ere biziki garatua da HAZPARNEko Lurraldearen eremuan, Isturitzeko eta Otxozelaiko harpeekin, Lekorneko Baigura Aisialdi zentroarekin, HAZPARNEN berean antolatu bisitak kondatu gabe (Bihotz Sakratuaren kapera, erromatar harria, URSUIA muinoko gune protohistorikoak), eta gure eskual muinoak zeharkatzen dituzten oinezko, zaldizko eta bizikletako bide anitzekin.

HAZPARNE herri goxo bat da, bere ohituretan eta kulturan bermatua, beste kultureri idekia den eskual nortasun baten defentsalari kartsua, idekia eta eraikitzeko gogotsua.

Gainerateko atalen edukia irakurtzerat gomitatzen zaituztet eta zati erakargarri batzu gogoan gordeko dituzue. Ongi etorria egiten dakien eremu eskuzabal baten ezagutzerat edo berriz ezagutzerat jitea desiratzen dautzuet. Segur eta fida naiz hemendik urruntzean, gure lurraldearen enbaxadore hoberenak izanen zireztela...!.


Gure hiri eder hunen indarra haren idekiduran, eskuzabaltasunean, enpleguen eta animazioneen sortzeko ausartzian, gure inguramenaren babesean dago.

Herriko kontseilu berriak eta zuen hautetsiek gogo handiz kudeatzen dituzten lan batzordeek, lantzen eta ondorioz bideratuko dituzten egitamoeri esker, Hazpandarrer “hobeki elgarrekilan bizitze” hori eskaintzea ahalbidetuko dute.

Trebetasun guzier eta Herriko Kontseiluan eta Herrikoetatik kanpoko taldeetan gurekin lan egin nahi dutener idekia, talde berri hau Herriaren zerbitzuko da, zuen zerbitzuko.

Web gune huntan herriko xehetasunak kausituko dituzue, besteak beste, bidean diren proiektuen inguruan edota gure herri ederraren elkarte, ekonomia, jendarte eta kultur biziaz.

Web gune hau zuena da ere, herritartartasunez, hurbiltasunez eta elkartasunez bizitzeko nahikari komun eta partekatu batekin.

Zuen proposamenak eta oharrak lasaiki igortzen ahal dauzkiguzue, oraino baliagarriagoa eta biziagoa bilaka dadin!

Aintzinetik milesker !

 

ONGI ETORRIRIK SUHARRENAK HAZPARNERAT !

Beñat INCHAUSPE
Hazpandar guzien Auzapeza